helburu estrategikoak
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) HiTZ erreferentziazko zentroak —Hizkuntza Teknologiako Zentroa / Basque Center for Language Technology— hizkuntza-teknologien arlora bideratuko du bere lana. Hizkuntza-teknologiek zeharkako izaera dute; izan ere, hizkuntza bidezko komunikazioa —ahozkoa zein idatzizkoa— dagoen eremu guztietan garatzen da.
Erreferentziako HiTZ zentroaren lehentasunezko helburuak hauek dira:
- Hizkuntza-teknologien arloko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta transferentzia. Diziplina anitzeko zentroa izango denez, esperientziadun ikertzaileak hartuko ditu arlo askotatik, hala nola, Informatikatik, Seinaleen Tratamendutik, Matematikatik, Hizkuntzalaritzatik, Zuzenbidetik, Soziologiatik, Historiatik, Kazetaritzatik, Turismotik eta abar.
- Euskararen tratamendu konputazionalerako erreferentziazko zentroa izatea. Horri esker, oinarrizko baliabideak eta tresnak sortu eta mantendu ahal izango dira, komunikazio digitalaren aroan euskarak presentzia izango duela bermatzeko oinarri izango direnak.
HiTZek helburu du Hizkuntza Teknologien arloan erreferentea izatea eta Euskal Herria bihurtzea ikerketa- eta garapen-gune garrantzitsua. Horrek erraztuko du enpresa berriak sortzea, hazten eta hedatzen ari den arlo batean.