Nor gara

Hizkuntza ardatz duen adimen artifizialean diharduen ikerketa-zentroa da HiTZ. Euskal Herriko Unibertsitateko zazpi sailetako kideek osatzen dutelarik, diziplina anitzeko taldea da. Hizkuntzaren eta hizketaren teknologiak ikertzea da zentroaren helburua, enpresei ezagutza eta teknologia transferitzeko ahalegin nabarmena eginez. Bi ikerketa taldek osatzen dute: Aholabek etaIxak. Bi taldeok esperientzia handia dute, 1993az geroztik oinarrizko ikerketa egin, hizkuntza-baliabideak eta -tresnak sortu eta hainbat produktu merkaturatu dituztela. CLARIN-K Center-eko kide sortzaileetako bat da HiTZ zentroa, CLAIRE-ko kidea da, baita BDVA eta DAIROko eskubide osoko kidea ere. Claire eta BDVAren bidez, European Partnership on Artificial Intelligence, Data and Robotics-en ere parte hartzen du.

Zentroko kideak nazioarteko erreferenteak dira beren jakintza-arloetan. Gaur egun 60 kidek baino gehiagok osatzen dute zentroa: informatikariek, hizkuntzalariek eta 3 ikerketa-teknikarik. Azken bost urteetan, 200 argitalpen zientifiko baino gehiago argitaratu dituzte zentroa osatzen duten ikertzaileek. Ikaskuntza sakoneko teknikak hizkuntzaren prozesamenduan aplikatzen liderra da taldea, eta azken bi urteetan, 4.000 aipu baino gehiago izan ditu arlo horretan egin duen lanak. Zentroko kideek aholkulari gisa lagundu dute Espainiako Hizkuntzaren Teknologien Plan Nazionala sortzen, eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritza aholkatzen ari dira antzeko lanetan.

 

Bai Ixa bai Aholab errendimendu handiko ikerketa-talde izendatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Zientzia Kontseiluak, ikerketa ebaluatzeko azken ekitaldian. Historian zehar, taldeek 200 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan parte hartu dute, eskualde-proiektuetatik hasi eta Europakoetaraino. Halaber, teknologia industriara transferitzeko helburuarekin, 100 industria-kontratutan baino gehiagotan parte hartu dute .

Erasmus Mundus+ European Masters Program Hizkuntzaren eta Komunikazioaren Teknologien Europako Masterreko (LCT) kide ere bada HiTZ. Industriak eta ikerketak hizkuntzaren teknologiaren alorrean dituzten beharrak asetzeko diseinatuta dago Masterra, azkar hazten ari den esparrua baita. HiTZek, halaber, Doktorego Programa bat eskaintzen du Hizkuntzaren Analisi eta Prozesamenduaz.

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza- eta ikerketa-erakunde nagusia da. UPV/EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dago, Shanghaiko rankingaren arabera, eta Espainiako Gobernuak Nazioarteko Bikaintasun Campus izendatu du. Euskal Herriko Unibertsitateak, 30 urteko erakunde biziak, 45.000 ikasle ditu, mundu mailako 5.000 langile akademiko eta abangoardiako instalazioak, bere hiru campusetako 20 zentrotan banaturik.

Networking